Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pauli, Wolfgang

Suitzar fisikaria, jatorriz Austriakoa (Viena, 1900 - Zurich, 1958). Munich-eko unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Gotingan, Kopenhagen, Zurichen eta Princetonen irakaslea izan zen. Heisenberg-ekin batera eremuen quantum-en teoriaren sortzailea da, eta Kopenhageko eskola deitu izan den taldeko kide eraginkorrenetakoa eta ospetsuenetakoa. Haren izena daraman esklusio printzipioa azaldu zuen. Fermi-rekin batera neutrinoari berri eman zuen 1931. urtean; hipotesi hori geroago esperimentu bidez frogatua izan zen. 1945ean Fisikako Nobel saria eman zioten.  v Pauliren esklusio printzipioa. Atomo konplexuen elektroi egitura azaltzeko 1925ean Paulik azaldu zuen printzipioa. Horren arabera atomo baten bi elektroiek ezin ditzakete izan berdinak beren quantum zenbaki guztiak. Atomoaren elektroi bat lau quantum zenbaki bidez adierazten denez (n, l, m eta s), n, l eta m balio finkoak dituen orbital jakin batek bi elektroi izan ditzake gehienez, s spineko quantum zenbakiak +1/2 eta -1/2 balioak bakarrik har ditzakelako. Printzipio honek azaltzen du atomoek taula periodikoan duten ordenamendua, eta elektroi geruza bakoitzean egon daitezkeen elektroi kopuru gorenaz informazioa ematen digu; hau da, 2 elektroi lehenengo geruzan, 8 bigarrengoan, 18 hirugarrengoan eta 32 laugarrengoan.