Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pardo, Jesús

Espainiar idazle eta kazetaria (Santander, 1927). Kazetari gisa, atzerriko berriemaile moduan lan egin du, Londresen lehenbizi, hogei urtez, eta Genevan eta Kopenhagen, gero. Idazle gisa, zenbait eleberri idatzi ditu, autobiografia kutsu nabarmenekoak: Ahora es preciso morir (1982, Orain ezinbestekoa da hiltzea); Ramas secas del pasado (1984, Antzinako adar lehorrak); Operación Barbarossa: historia ficción (1988, Barbaossa operazioa: historia fikzioa); Las últimas horas de Pincher Trumbo (1988, Pincher Trumboren azken orduak); Eclipses (1993, Eklipseak). 1996an Autorretrato sin retoques (Ukiturik gabeko autoerretratua) argitaratu zuen, Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo espainiar intelektualen deskribapen gupidagabea eta desmitifikatzailea. Eleberriez gainera, era askotako liburuak idatzi ditu: poema bildumak; gidak eta bidaia liburuak –Bukarest (1991), Conversaciones con Transilvania (1988, Elkarrizketak Transilvaniarekin)–; biografiak –Dante (1984), Galileo (1984)–; eleberri gisako biografia kontakizunak –Yo, Marco Ulpio Trajano (1991)–. Itzultzaile gisa, Charles Dickens, Mark Twain, Isak Dinesen, Nadine Gordimer, Pier Paolo Pasolini, Noah Gordon eta holandar eta eskandinaviar idazle askoren obrak itzuli ditu gaztelaniara. 1998an Zapatos para el pie izquierdo (Ezker oinerako zapatak) argitaratu zuen, historian zehar sortu izan diren asmakizun bitxiei buruzko liburua.