Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Papandreu, Andreas Georgios

Greziar politikaria (Kios, 1919 - Atenas, 1996). Georgios Papandreuren semea. Kontseilu ministroa (1964), eta Ekonomia eta Koordinazio ministroa (1965) izan zen bere aita Lehen Ministroa zela. Koronelen estatu kolpearen garaian (1967ko apirila) preso hartu zuten. Kartzelatik atera ondoren erbestera joan zen eta PAK (Askapen Mugimendu Panheleniarra) antolatu zuen (1986). 1974. urtean Greziara itzuli zen eta PASOK (Alderti Sozialista Panheleniarra) sortu zuen. 1981. urtean sozialistak garaile atera ondoren Lehen Ministroa izan zen. 1989. urteko hauteskundeak galdu zituen baina 1993. urteko urriko hauteskunde orokorretan berriro eskuratu zuen aginpidea. 1993. urtean berriz izendatu zutelarik Lehen Ministro, 1994an gobernu berria osatu zuen. Urte horren amaieran uko egin zion errepublikako lehendakaritzara aurkezteari. 1995eko irailean berriz ere berregituratu zuen bere gobernua, eta berak bideratutako kanpoko politikari eta politika ekonomikoari buruz kritiko agertu ziren zenbait ministro baztertu zituen. 1996an, Papandreu gaixo zegoelarik, krisi bat sortu zen bere alderdian (PASOK), eta azkenean, urte bereko urtarrilean, dimisioa eman zuen Lehen Ministro gisa.