Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

papaiazeo

izond. Bot. Biolalen ordenako izen bereko familiako landareez esaten da. Karikazeo izenez ere ezagutzen dira; gaur egun erabiliagoa da papaiazeo izena baino. Landare papaiazeoek zuhaitz egitura dute. Tamainaz txikiak dira, adar gutxikoak eta zur bigunekoak. Atal guztietan dute latexa. Hostoa txandaka antolatua eta adarren puntetan kokatua izaten dute, esku-ahurraren nahiz lumaren itxurakoa egituraz. Loreak sexu banakoak dituzte. Oso papaiazeo gutxik dituzte bi sexuak lore berean. Fruitua baia egiturakoa izaten dute. Berez Hego Ameriketako eta Afrikako mendebaleko tropiko aldekoak dira, baina beste eskualde batzuetara ere zabalduak daude gaur egun. Papaiondoa da familia honetako landarerik ezagunena.