Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pabst, Georg Wilhelm

Alemaniako zinemagilea, jaiotzez austriarra (Rauditz, 1885 - Viena, 1967). Antzerki zuzendari eta antzezle izan zen; 1919an Vienako Neue Wiener Bühne antzerki taldeko zuzendari izan zen. 1923an bere lehenengo filma egin zuen, Der Schatz (Altxorra), joera espresionistakoa. 1925etik 1932ra bitartean errealismo soziala landu zuen; Alemaniako gizartearen arazoak islatzen zituzten filmak egin zituen batetik, eta sexua ardatz duten eta Freuden eragin handia duten filmak bestetik. Garai honetakoak ditu film bikainenak; geroztikakoak askoz maila apalagokoak dira. 1932an Alemaniatik ihes egin behar izan zuen arrazoi politikoak zirela eta. 1940an itzuli zen eta hiru film egin zituen. Filmak: Die freudlose Gasse (1925, Atseginik gabeko kalea), 1923an inflazioak Alemanian sortu zuen krisia aipatzen duena; Geheimnisse einer Seele (1926, Arima baten misterioa); Die Büchse der Pandora (1928, Pandoraren kutxa edo Lulu); Abwege (1928, Krisia); Das Tagebuch einer Verlorenen (1929, Galdutako baten egunkaria); Westfront 1918 (1930, Sortaldeko frontea 1918), gerra salatzen duen filma; Die Dreigroschenoper (1931, Lau soseko opera), Bretchen lanaren egokitzapena; Kameradschaft (1931, Kidetasuna); Don Quichotte (1933); Der Prozess (1947, Auzia) eta Der letzte Akt (1955, Azken agerraldia).