Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pablo, Luis de

Bizkaitar musikagilea (Bilbo, 1930). XX. mendeko espainiar musikagintzaren izenik handienetakoa. Lehen musika ikasketak Hondarribian egin zituen eta ondoren Madrilen ikasi zuen. Bere kasa ikasi bazuen ere, Maurice Ohana, Max Deutsch eta beste musikagile ospetsu batzuen aholkuak jaso zituen. 1957. urtean Grupo Nueva Música taldearen sorreran parte hartu zuen, eta 1958. urtean «Tiempo y Música» zikloa sortu zuen, musika berria ezagutzera emateko. 1964. urtean Madrilgo Musika Berriaren Bi Urtekoa sortu zuen eta 1965. urtean, «Alea», musika berria bultzatzeko kontzertu sorta. Zenbait urtez Estatu Batuetan eta Kanadan irakaslea izan zen, eta ondoren Madrilgo kontserbatorioan. 1983. urtean Musika Berria Zabaltzeko Zentroko zuzendari izendatu zuten. Lehendabizi serieko musika idatzi zuen, eta geroago moduloka idatzitako konposiziora iritsi zen; jolearen esku gelditzen zen musika lanaren antolaketa. Estilo askotako eta hainbat kulturatan errotutako musika idatzi du. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Móvil (1958); Radial (1960); Glosa (1961); Tombeau (1962-1963); Escena (1964); Módulos I-V (1964-1967); Iniciativas (1966); Imanigario II (1967); Por diversos motivos (1969-1970); Oroitaldi (1972); Berceuse (1973-1974); Ederki (1977); Bajo el sol (1978); Retratos de la conquista (1980); Kiu (1982). Azken urteetan egindakoak: Senderos del aire (1988) eta El viajero indiscreto, operak. 1990. urtean musika sari nazionala eman zioten. Azken urteotan –bere sorkuntza lanari utzi gabe– omenaldi eta ezagutza ugari izan du. 1998an, esaterako, Madrilgo Unibertsitate Complutenseak honoris causa doktore izendatu zuen, eta 2000. urtean Donostiako Musika Hamabostaldiak –SGAE Sociedad General de Autoresekin batera–, omenaldi handia eskaini zion 70 urte betetzen zituela eta. Urte berean jaso zuen, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen omenezko Makila. Azken urteotako lanen artean aipagarriak ditu, besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren aginduz konposatu zuen Impromptus (EOSek 2000. urtean grabatua) eta 2001. urtean Madrilgo Teatro Realen estreinatu zuen La señorita Cristina opera, Mircea Eliaderen Miss Christina eleberrian oinarritua.