Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Otto, Frei

Alemaniar arkitektoa (Sigmar, gaur Chemnitz, 1925). Eskultore familia batean hazi eta hezia. Eskola utzita (1943), Alemaniako aire armadan sartu zen, eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen. Aliatuen gudarosteak preso hartu zuen Chartresen eta bi urtez hirian etxeak konpontzen eta eraikitzen eduki zuten. Gerra amaituta, Berlingo Unibertsitatean sartu zen. Geroxeago, 1950-1951 urteetan, Estatu Batuetan egon zen ikasketak sakontzen. Bere obra gehiena egitura arinen eraikuntzan oinarritu zen: karpa, mintz eta teilatu eskegien arkitekturan espezializatu zen. Kableek tiratutako mintzen bidez, eta kargari eusten zioten zutoien laguntzaz, eremu ireki zabalak estaltzea lortu zuen. Horiek dira Ottoren arkitekturaren ezaugarri nagusiak, bere bi obra ezagunenetan agerian geratu zen bezala: Alemaniako pabiloia 1967ko Mundu Erakusketarako, eta Municheko Olinpiar Estadioaren estalkia (1972). Bere obra guztian, beraz, gainalde leun eta sabelduak eratzen dituzten estalki arinen eta horiei eusten dieten hari eta haga handien egiturak dira nagusi. Ottoren obran Bauhaus eta Nazioarteko Estiloaren eragina sumatzen da, eta baita gerra ondoren sortu zen arkitekto belaunaldiarena, izadiaren azterketagatik, eta ingeniaritza eta teknologia baliabideak arkitekturan aplikatzeko moduagatik. Beste lan aipagarri batzuk: Suitzako Erakusketa Nazionaleko Elur eta Haitzezko pabiloia (1964, Lausana), eta Mecako Hotela eta Konferentzia Zentroa (1972, Saudi Arabia).