Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Otto, Rudolf

Alemaniar filosofo eta teologoa (Peine, 1869 - Marburg, 1937). 1897-1914. urteetan teologia eta filosofia irakaslea izan zen Göttingen-go unibertsitatean; 1914-1917 urteetan, teologia irakatsi zuen Breslau-ko unibertsitatean, eta 1917-1929 urteetan, irakaslea izan zen Marburg-eko unibertsitatean. Ottok erlijiotasunaren jatorria aztertu zuen, eta erlijioaren filosofiari egin zion ekarpenik handiena Das Heilige (1917, Santutasuna) lana izan zen. Jainkoaren handitasun mugagabea, eta gizakiak haren aurrean duen xumetasuna eta miresmena dira liburuko gai nagusiak. F. Schleiermacher-en filosofoaren eragina izan zuen. Beste lan aipagarri batzuk: Aufsätze das Numinose betreffend (1923, Numinotasunari buruzko saiakera); Die Gnadenreligion Indiens und das Christentum (1930, Graziaren erlijioa Indian eta kristautasuna); Das Gefühl des Überweltlichen (1932, Lurraz gaindiko sentipena).