Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

O’Toole, Peter

Antzezle ingelesa, jatorriz irlandarra (Connemare, Irlanda, 1932). Leeds hirian hazi eta Londresko Royal Academy of Dramatic Art-ean egin zituen ikasketak. Amateur gisa antzerkian aritzen zen bitartean kazetaritza izan zuen lanbide. Itsas armadan bi urte izan ondoren, 1956. urtean egin zuen aurkezpena Londresen; harrezkero arrakasta eta ospea baizik ez du lortu egin dituen lanetan. Antzerki lanetan aipagarriak dira , besteak beste Cock Horse (1965), Man and Superman (1967) eta Waiting for Godot (1973). Zinemari dagokionez 1960. urtean egin zituen lehen antzezpen lanak, Kinnaped filmean; bi urte geroago egin zuen Lawrence of Arabia filmari esker egin zen ospetsu. Horiez gainera aipagarriak dira besteak beste The Lion in Winter (1968) eta My Favorit Year (1982) filmak. Azken urteotan, batez ere antzerkian jardun badu ere, film askotan parte hartu du, besteak beste Rebecca's Daughters (1992), Fairy Tale: A True Story (1996), Phantoms (1996) filmetan.