Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nelson, Horatio

(Nelson-go bizkondea eta Bronte-ko dukea). Almirante ingelesa (Burham Thorpe, Norfolk, 1758 - Trafalgar, 1805). Hamabi urte zituela Itsas Armadan sartu zen. Ameriketan, Europan eta Mendebaleko Indietan ibili ondoren, 1777an ontzi tenientearen kargua eskuratu zuen, eta 1779an kapitainarena. Estatu Batuetako Independentziarako gerran esku hartu zuen. Frantziaren aurkako gerran Toulon (1793ko uztaila), Bastia eta Calvi-ko (1794) setioetan nabarmendu zen. Azken gudu horretan eskuineko begiaren ikusmena galdu zuen. Gero, Genoako setioan (1796) parte hartu ondoren, sir John Jervis komandantearen agindupean espainiarren armada garaitu zuen Portugalgo San Vicente lurmuturreko guduan (1797ko otsaila). Urte bereko uztailean, Santa Cruz Tenerifekoaren aurkako erasoan eskuineko besoa galdu zuen. Osatu ondoren, 1798ko hasieran, Napoleon Egiptorako prestatzen ari zen espedizioari erasotzeko ordena jaso zuen; Mediterraneo osoan zehar frantses ontziteriaren bila ibili ondoren Abukir-eko badian, Niloren itsasoratzegunetik gertu, aurkitu eta suntsitu zuen (1798ko abuztuaren lehena). Gerra ekintza horren ondorioz Napoleonen gudarostea Egiptotik mugitzerik ez zuela gelditu zen. Gero Napoliko Fernando erregearen alde eta frantsesen eta italiar jakobinoen aurka egin zuen; etsaiak garaiturik (1799ko uztailean) zapalkuntza gogor bati ekin zion. 1800ean sir Hyde Parker-en agindupean Baltikoan daniarrek eta errusiarrek osaturiko ontziteriari nagusitu zitzaion Kopenhageren aurrean. 1805ean Mediterraneoko itsas armadako buru zela, Espainiako eta Frantziako armadei garaitu zitzaien Trafalgar-en (urriaren 21a), baina hil egin zuten gudu hartan.