Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nelson, Willie

Estatubatuar kantagile eta antzezlea (Abbott, Texas, 1933). Gaztaroan hasi zen kantak idazten, eta musika talde bat sortu zuen bere arreba Bobbierekin batera. 1959an disko etxe batek kantetako bat argitaratu zion, eta horren ondoren, Honky-Tonk mugimenduko izarra zen Ray Pricek musikagile eta baxu jotzaile bezala kontratatu zuen. Country musikaren barruan, Patsy Clineren ahotsean lehen postuetara iritsi zen "Crazy" kanta idatzi zuen. Roy Orbison eta Faron Youngen kanta arrakastatsu asko ere berak konposatu zituen. 1970ean hainbat artistarekin hasi zen lanean, besteak beste, Waylon Jennings, Jessie Colter eta Kris Kristoffersonekin, eta elkarrekin outlaws mugimendua sortu zuten. Lan ospetsuenen artean ditu: Shotgun Willie (1973), The Troublemaker (1976), City of New Orleans (1984) eta The Promised Land (1986). 1980ko hamarkadan antzezle lanetan hasi zen; Zaldizko elektrikoa (1979) eta Lapurra (1981) filmetan lan egin zuen. Kantari ere aritu zen hainbat abeslarirekin bikotea osatuz. Julio Iglesias, Ray Charles, Merle Haggard, Dolly Parton, Sinead O'Connor, Bob Dylan, David Crosby eta Paul Simonekin ere kantatu izan du.