Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Morris, Robert

Estatubatuar eskultorea (Kansas City, 1931). 1948-1950 urteen bitartean ingeniaritza ikasi zuen Kansas Cityko Unibertsitatean eta aldi berean, hiri horretako arte institutura joan zen. Artista gisa San Franciscon hasi zen performanceak egiten eta pintura lantzen, 1950eko hamarraldiaren bukaeran. Lehenengo lanetan Pollocken espresionismo abstraktuaren eragin nabarmena du. 1961ean New Yorkera joan zen eta artearen historia ikasi zuen Hunter College-n. Han graduatu zen 1963an, Brancusiri buruzko tesiarekin. Pintura utzi eta eskulturara jo zuen ondoren, lan txikiekin. 1961-1967 urteen bitartean, aldiz, pieza handiak osatu zituen; eraikuntza poliedrikoak egin zituen gehienbat. 1960ko hamarraldiaren amaieran hainbat artikulu idatzi zituen, minimalismoaren oinarriak adierazten zituztenak. Bakarkako lehenengo erakusketa 1963an egin zuen, New Yorkeko Greene Gallery-n. 1960ko hamarraldiaren amaieran hainbat saio egin zuen ildo postminimalistei jarraituz; lan horiek hondakin pilekin osatu zituen. 1980ko hamarraldian pinturara itzuli zen; lan espresionistak egin zituen, gai tragikoen ingurukoak, Goya eta Turner-en aipamenekin.