Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Morrison, Van

(Jaiotza izena, George Ivan Morrison). Britainiar rock musikagilea eta kantaria, jatorriz Ipar Irlandakoa (Belfast, 1945). Hamabost urte zituela eskola utzi eta The Monarchs rhythm and blues-eko taldean sartu zen saxofoi-jotzaile gisa. 1963an taldeak izena aldatu eta Them izena hartu zuen; Britainia Handian ospea lortu zuen “Mystic Eyes”, “Gloria” eta “It´s All Over Now Baby Blue” abestiekin. 1966. urtetik aurrera Van Morrison bakarlari gisa emanaldiak egitean hasi zen, batez ere, Them taldetik erabat banandu zenean hain zuzen ere. Ondoren Estatu Batuetara joan zen eta han bizi izan zen 1973. urtea arte. Van Morrisonen musika gospel, rock, country, soul, jazz… joeren nahasketa da. Van Morrisonen disko ugarien artean aipatzekoak dira: Astral Weeks (1968), Moondance (1970), Saint Dominic´s Preview (1972), Wavelength (1978), Irish Heartbeat (1988), The Chieftains Irlandako musika tradizionaleko taldearekin batera grabatua. 1994an A Night in San Francisco zuzeneko diskoa kaleratu zen, beste abeslari eta musikagile handiak ageri direna. Handik urtebetera beste bi atera zituen: Days Like This, estudioan grabatua eta bestea zuzenekoa, Londresko Ronnei Scott´s club ospetsuan grabatua, How Long has this Going On. 1997an The Healing Game lana kaleratu zuen, eta 1999an Back on Top.