Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Morris, Desmond John

Britainiar zoologoa eta idazlea (1928). Birminghameko Unibertsitatean zoologia ikasi zuen. Oxfordeko Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, eta horretan hainbat arrain motaren jokabidea aztertu ahal izan zuen, Niko Tinbergen etologo ospetsuaren zuzendaritzapean. 1950eko hamarraldian, Morris ezaguna egin zen Zoo Time telebistako saioaren bidez. 1960ko hamarraldian Life saila egin zuen eta 1980ko hamarraldian, berriz, The animals roadshow. 1959-1967 urteen bitartean, ugaztunen zaindari izan zen Londresko Elkarte zoologikoan. Ondoren Gaur Egungo Arteen institutuko zuzendari izan zen eta 1973-1981 urteen bitartean Oxfordeko Wolfson College-ko ikertzaile. Hainbat liburu idatzi ditu, hala nola, Jokabide intimoa (1971) eta Adinen liburua (1983); hala ere, Tximino biluzia (1967) lanarekin egin zen ospetsu mundu osoan. Lan hark eztabaida ugari sortu zituen zientzialarien artean, Morrisek gizakien jokabidean simioen eragina nabarmena dela aipatzen baitzuen. Handik urtebetara, Giza zooa idatzi zuen; lan horretan gizakien gizarte arazoak hiri handietako bizimoduarekin lotzen ditu.