Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moog, Robert

Estatubatuar asmatzailea (Flushing, New York, 1934). Musika sintetizadorea asmatu zuen. Fisika, ingeniaritza elektrikoa (Columbiako Unibertsitatea) eta ingeniaritza fisikoa (Cornell-eko Unibertsitatea) ikasi zituen. New York-eko Queens College-ko ikasle zela bere enpresa sortu zuen, edozein musika tresnaren hotsa era elektronikoan errepikatzeko gai zen teklak ekoizteko. Herbert Deutsch musikagilearen laguntzarekin Moog sintetizadorearen eredua aurkeztu zuen 1964ko biltzar batean. Tresna horrek izugarrizko eskaerak izan zituen eta Moog izenaz ezagutzen hasi zen mundu osoan. Ondoren Walter Carlos musikagilearekin hasi zen lanean, eta hark Switched on Bach lana grabatu zuen 1969an. 1976an, berriz, Polymoogo tresna ezagutarazi zuen, akordeak sortzeko gaitasuna zuena. Gaur egun asko erabiltzen da tresna hori herri musikan, nahiz eta musika elektronikoko musikagileek ere erabili dituzten ematen dituen aukerak. Moog-ek musika tresnak asmatzen jarraitzen du gaur egun.