Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monzó i Gómez, Quim

Katalan idazlea (Bartzelona, 1952). Hainbat lan egin ditu: diseinatzaile grafiko, gerra berriemaile, zinema eta irratsaio idazle. Hala ere, eleberriak idaztea da gehien gustatzen zaion jarduera. Kontakizun liburu nagusiak hauek ditu: Uf, va dir ell (1978, Uf esan zuen berak), ÖOlivetti, Moulinex, Chaffoteaux et Maury (1980), L´illa de Maians (1985, Maians uhartea), El perquè de tot plegat (1993, Gauzen zergatia), Guadalajara (1996). Lan horietan guztietan, egoera harrigarrietatik abiatuta, ohiko literatura gaiak lantzen ditu soiltasunez eta kemen handiaz: gizakiaren bakardadea, gizartearen antolamendu konplexua, heriotzaren presentzia. Monzóren ipuinetan erantzunak baino areago galderak ageri dira, zorroztasun eta apaltasunez betiere. Monzóren eleberriek ere bide bera egiten dute: Benzina (1983, Gasolina), La magnitud de la tragèdia (1989, Tragediaren garrantzia). Aldizkarietan argitaratu dituen artikulu bildumei dagokienez, gaur egungo errealitatearekin zerikusia duten gaien aurrean jartzen du bere burua Monzók; El dia del senyor (1984, Jaunaren eguna) edota Hotel Intercontinental (1991) lanak dira horren adibide.