Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Monet, Claude

Frantses margolaria (Paris, 1840 - Giverny, 1926). Inpresinonismoaren sortzaileetako bat eta higikunde horretako maisu handiena izan zen. Paisaiak margotu zituen batez ere, tailerretik kanpoan beti, eguratsa, argia eta uraren distira aztertuz eta irudiak, marrarik gabe, margo desberdinak elkarren ondoan jarriz eratzen zituen. Kolore beltza eta grisa baztertu eta, prisma batean bezala, argia bere kolore osagarrietan banatu ohi zuen, kolore jokoak sortuz. Argazkigintzarekiko eta optikaren legeekiko jakin-mina ere izan zuen. 1874an, Cézanne, Renoir, Degas eta beste artista batzuekin batera, inpresionismoaren lehen erakusketan parte hartu zuen. Izan ere bere Inpresioa, eguzkia ateratzen (1872) koadroak eman zion izena higikunde berri hari. Monet-ek argiaren eta eguratsaren aldaketek gauzak nola eraldatzen zituen agertzeko, ikuspegi beraren zenbait koadro egin zituen argitasun eta urtaro desberdinen arabera. Aipatzekoa da, horien artean, Rouengo katedrala gaitzat harturik egin zuen margolan saila (1892-94). Geroago, Giverny-ra erretiratu zenean, Ninfeekiko urmaela margotu zuen (1900), batzuen ustez arte abstraktuaren aitzindaritzat har daitekeen Nymphéas bere azken margo sailari bide eman ziona (1909-26). Monet-en obran, azpimarragarriak dira, besteak beste: Bazkaria belar gainean (1865), Emakumeak jardinean, Camille soineko berdez jantzia (1866), Westminsterko zubia (1870), Estropadak Argenteuil-en, Sena Argenteuil-etik igarotzean (1874), etaTamesis ibaia (1900-09).