Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moneo, Rafael

Nafar arkitektoa (Tutera, 1937). Madrilgo ETSAM eskolan ikasi zuen eta han lortu zuen arkitekto titulua (1961). 1958-1961 urteen bitartean Francisco Javier Sáenz de Oíza arkitektoarekin lan egin zuen, eta ondoren JØrn Utzon-ekin Danimarkan. Irakasle gisa hainbat ikastetxetan aritu da lanean, hala nola Bartzelonako arkitektura eskolan, New York-eko IAUS-en, Lausana, Princeton eta Harvard-eko eskoletan. Ospe handiko lanak egin ditu, besteak beste, Madrilgo Bankinter eraikina (1972-1976), Meridako erromatar arteko museoa (Badajozen, 1980-1986), eta hiri horretako alderdi zaharreko lanak. Azken urteetan egin dituen lanen artean aipatzekoak ditu: Madrilgo Atocha geltokia (1984-1992), Kursaal auditorium-a Donostian (1990), Sevillako aireportuko terminal berria (1987-1991), Miró Fundazioa Mallorcan (1987-1993) eta Stockholm-eko Arte eta Arkitektura museoa (proiektua 1991koa). 1996an Arkitekturako Pritzker saria eman zioten, arkitekturaren munduan sari nagusitzat hartzen dena hain zuzen.