Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mina, pertsonen kontrako

Lehorreko lehergailu mota, leherrarazten duen pertsona hiltzea edo zauritzea helburu duena. Ez da gerra denboran bakarrik erabiltzen. Eremu jakin batean han-hemenka jarrita, lurralde hartatik igarotzeko asmoa galarazteko erabiltzen dira. Gaur egun, plastikozkoak dira, ez detektatzeko, eta 100 gramorainoko lehergaia izan dezakete. Bigarren Mundu Gerran erabili ziren lehenengo aldiz. Alemaniako gudarosteak Bouncing Betty izeneko minak erabili zituen, burdin hari batetik tiratzean leherrarazten zirenak. Koreako gerran, hari detektagailuen sare konplexu baten bidez leherrarazten ziren minak erabili ziren sarritan, leku estrategikoen defentsan batez ere. Vietmaneko gerran Claymore izeneko mina txiki arinak erabili zen. Mina hauek, lehergaiaz gainera, metraila zeukaten, lehertzean 76 metroko eremuan zabaltzen zena. Lurrean ezkutatu edo zuhaitzetatik zintzilik jartzen zituzten, lurretik 60 edo 90 zentimetrora. Burdin hari detektatzaile batek leherrarazten zuen karga. Pertsonen aurkako minak hiru lehergailu motatan sailka daitezke. Lehenik, eragin eremu urrikoak daude. Lurpean ezkutatuta, norbaitek zapaltzean lehertzen dira; lehergaia ez da agian hilgarria, baina oso zauri larriak eragin diezazkioke zapaltzen duenari. Beste mina mota batzuk jauzlariak dira; hauek ere lurpean ezkutatzen dira, eta norbaitek zapalduz gero jauzi egin eta lurretik metro batera edo bitara lehertzen dira. Azkenik, artezlarien kontrako minak aipatu behar dira. Mina hauen helburua pizgailua ezeztatzen saiatzen diren artezlariak hiltzea da; leherrarazten dituzten mekanismoek artezlariek ezagutzen ez dituzten aldaerak izaten dituzte, eta segada hilgarri bihurtzen dira. Bere ondorio krudelak direla eta, nazioarteko erakundeek minen erabilera gaitzesten dute, gerra arautzen duen nazioarteko legediak onartzen ez dituen elementuak baititu bere funtsean eta helburuetan. 1997an Pertsonen Kontrako Minen aurkako Nazioarteko Kanpainaren antolakuntzak Bakearen Nobel saria jaso zuen. Urte berean, Oslon (Norvegia), Pertsonen Aurkako Minen Debekuari buruzko Ituna idatzi zen. Dokumentu horrek, 1997ko abenduaren 3an, Ottawan (Kanada), 120 herrialde baino gehiagok izenpeturik, pertsonen aurkako minak biltzea, esportatzea, fabrikatzea eta erabiltzea debekatzen du.  v  Mina ontzia. Minak neutralizatzen edo indargabetzen dituen itsasontzia. Bi motakoak dira: ur handitakoak, 700-1.000 tonatakoak, eta itsabazterretakoak, gehienez 400 tona izan ditzaketeenak.