Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mina Larrea, Javier

(«El Estudiante», «El Mozo» deitua). Nafar gerrillari ospetsua, Francisco Espoz y Mina jeneralaren iloba (Otano, Elortzibar, 1789 - Mexiko, 1817). Iruñeko apaizgaitegian hasi zituen ikasketak eta Zaragozakoan jarraitu. Madrilgo 1802. urteko gertakarien ondoren Zaragozako beste ikasleekin hasi zen lanean frantsesei aurre egiteko asmoz. Aragoiko armadako ofizialekin jarri zen orduan harremanetan, eta Nafarroako gerrilla antola zezan agindu zion Areizaga jeneralak 1809. urtean; Corso Terrestre oste nafarra osatu zuen Minak, bera izanik komandante. Garaipen sonatuak lortu zituen taldeak hilabete gutxiren buruan, Gares, Lizarra eta Arte Ederretan (Untzue, Nafarroa). Harispe jeneral frantsesak Mina atxilotzeko agindua eman zuen baina honek mendira ihes egin zuen eta taldea sakabanatu zuen. 1810. urtean berriro ere taldea bildu zuen frantsesei aurre egiteko Nafarroako lurretan eta garaipen garrantzitsuak lortu zituen Oibar, Kaparroso eta Izarbeibarren. Labianon ezkutatu zen ondoren baina frantsesek aurkitu eta atxilo hartu zuten. Frantziara erbesteratu zuten baina 1814. urtean Nafarroara itzuli zen. Han, osaba Francisco Espoz eta Minarekin bat egin zuen absolutismoaren aurkako eta Cadizko konstituzioaren aldeko borrokan. Matxinada saioak huts egin ondoren Frantziara lehenbizi, Ingalaterrara ondoren, eta Mexikora jo zuen azkenik. Mexikon ere erregearen armadaren aurka borrokatu zen eta 1817. urteko gudu batean galdu zuen bizia. Masoi egin zen 1815. urtean.