Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Meier, Richard

Estatubatuar arkitektoa (Newark, New Jersey, 1934). Cornell-eko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Ithacan, New Yorken. Zenbait arkitekto ospetsurekin lan egin ondoren, 1963an, bere estudioa zabaldu zuen. Horretaz gainera, eskolak eman zituen zenbait unibertsitatetan. Aurreneko proiektuetako bat gurasoen Essex Fells-ko etxea du, New Jersey-n (1965). Urte horretan bertan, Frank Stella pintorearen estudioa egin zuen, New Yorken. Stellaren eragina nabarmena da Meierren handik aurrerako lanen estetikan. Lan aipagarrienak: Smith etxea (1967, Connecticut) –handik aurrera egin zituen etxebizitza partikularren eredua–; Bronx Development Center (1970); Arte Dekoratiboetako Museoa (Frankfurt, Alemania, 1979); High Museum of Art (1980, Atlanta); Getty Zentroa (1985, Los Angeles). 1984an Pritzker saria jaso zuen, arkitekturako nazioarteko sari nagusia; Frantziako gobernuak Commander des Arts et des Lettres izendatu zuen, eta 1988an Arkitekturako Britainiar Institutuaren urrezko domina jaso zuen.