Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Méhul, Étienne Nicolas

Frantses musikagilea (Givet, Ardenak, 1763 - Paris, 1817). Eragin handia izan zuen frantses operaren aurrerabidean, eta XIX. mendearen hasierako musikagileen bidea ireki zuen. Gluck-en eta Cherubini-ren eraginez musika dramatikoa idazten hasi zen eta 1787-1822. urteetan 40 operatik gora ondu zituen, gehienak Opera Komikoan antzeztuak. Hauek dira Méhul-en lanik arrakastatsuenak: Le Jeune Henri (1797), Les Deux Aveugles de Tolède (1806, Toledoko bi itsuak), Uthal (1806) eta Joseph (1807). Balletak, ahotserako lanak, orkestrarako lanak, ganberako musika eta pianorako lanak ere idatzi zituen. Ausart agertzen zen harmonian, eta dramagile eta orkestratzaile dohain bereziak zituen. Orkestraren zeregina azpimarratu zuen operetan.