Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martínez Márquez, Ramón

(Ramoncín deitua). Espainiar musikaria (Madril, 1955). Rock kantaria eta musikagilea. 70eko hamarraldiaren hasieran, bere estetikak eta kantuetako hitz probokatzaileek batez ere –britainiar punk-etik gertuago rock-etik baino– iraultza eragin zuten Espainiako musikan. Madrilgo Vallecas auzoan hazi eta hezi zen. Hasieran antzerki talde independenteetan aritu zen, baina punk higikundeak musikara erakarri zuen berehala. 1978an Ramoncín & WC diskoa argitaratu zuen, Madrilgo Ateneoan debuta egin eta gutxira. "El rey del pollo frito" edo "Marica de terciopelo" bezalako kantuek ez zuten irrati askoren laguntzarik izan, baina, aitzitik, gazteen artean berehala zabaldu ziren diskoaren eta kontzertuen bidez. 1979an Barriobajero argitaratu zuen, aurrekoaren ildotik, eta 1981ean, berriz, Arañando la ciudad. Azkeneko horretan punk-etik aldenduz eta rock klasikoagora hurbilduz hasi zen. Baina 1980ko hamarraldiaren hasieran beste talde asko sortu ziren Espainiako pop musikan, estetika sofistikatuagatik kezkatuagoak hitzen edukiarengatik baino, eta Ramoncín-en asmoak zaharkituak geratzen hasi ziren. Beste lan batzuk: ¡Corta! (1982); Ramoncinco (1984); Como el fuego (1985); La vida en el filo (1986); Fe ciega (1988). Musikatik aldendu ahala prentsan idazten hasi zen, eta telebista programa batzuetan agertzen, esatari gisa eta are aurkezle gisa ere. Hori izan da harrezkero bere bizibide nagusia, Al límite, vivo y salvaje (1990) zuzeneko diskoaren argitalpenaren ondoren. 1979an poema liburu bat argitaratu zuen: Animal de ojos caídos. Halaber, zenbait filmetan parte hartu zuen. 1989an El Escorialeko Unibertsitateko uda ikastaroetan musikaren historiari buruzko hitzaldia eman zuen. Espainiako Artista eta Interpreteen Elkarteko idazkari nagusi izan da. 1993an kaleko hizkuntzaren hiztegia argitaratu zuen, El tocho cheli; 1996an bigarren argitalpena agertu zen, El tocho cheli II.