Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martinez de Lezea, Toti

Arabar idazle eta itzultzailea (Gasteiz, 1949). Euskaraz zein gaztelaniaz idazten du. 1978an Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta bost urtez egin zuen lan taldean. 1980ko hamarkadan haurrei zuzendutako bideoak eta telesailak idatzi eta errealizatu zituen. Bien bitartean. Euskal Leiendak (1986) bildu eta idatzi zituen. 1992an, itzulpen lanetan murgildu zen. 1998an bere lehen eleberria idatzi zuen, arrakasta handikoa, La calle de la Judería, XV. mendeko Gasteizko familia judu baten bizitza kontatzen duena. Harrezkero, arrakasta handiko eleberri asko idatzi ditu, genero historikoaren barruan denak. Hona hemen horietako batzuk: Las torres de Sancho (1999), Nafarroako errege Antso Handiaren garaian kokatua; La Herbolera (2000), Durangoko sorgin-ehizari buruzkoa; Señor de la guerra (2001), Euskal Herriko Erdi Aroko alderdi gerrei buruzkoa; La abadesa (2002), Fernando V.a Katolikoaren sasi alaba baten bizitza kontatzen duena; Los hijos de Ogaiz (2002), Lizarrako XIV. mendean kokatua, izurri beltzaren garaian; La voz de Lug (2003), K.a. I. Mendean kokatua, asturiar eta kantabriarren arteko gerren garaian; eta La comunera (2003), XVI mendearen hasieran kokatua, Gaztelako Komunitateen aldekoen eta Espainiako koroaren arteko gerraren garaian; A la sombra del templo (2005); La cadena rota (2005); La brecha (2006), 1813ko Donostian kokatua; Placeres reales (2008); eta La flor de la argoma (Otalorea, 2008) Gazte literatura ere landu du, genero historiko horren barruan baita ere: El mensajero del rey (2002), Antso Azkarra Nafarroako erregeak Marokora egindako bidaia kontatzen duena; La hija de la luna (2003), Zugarramurdiko sorginen epaiketari buruzkoa; Antso Nagusia: Baskoien errege handia (2003); Nur eta irlandar gnomoa (2008).