Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mann, Thomas

Alemaniar idazlea, Heinrich Mannen anaia gaztea (Lübeck, 1875 - Zurich, 1955). Alemaniako idazle handienetakoa izan zen. Burgesiako familia aberats batean jaioa zen; burgesia horren bizimodua eta gainbehera islatu zituen Die Buddenbrooks lanean (1901, Buddenbrookstarrak). Lehen Mundu Gerran alemaniar abertzaletasunaren aldeko ideiak agertu zituen, Heinrich anaiaren ideia demokratikoen kontra. 1922an, ordea, demokraziaren aldeko jarrera garbia hartu zuen. 1933an, Hitler aginpidera iritsirik, T. Mann erbestean geratu zen. 1939an, Estatu Batuetara heldu zen. Idatzi zituen eleberri eta ipuin bildumen artean, ondoko hauek ditu azpimarragarri: Der kleine herr Friedemann (1898, Friedemann jaun txikia); Tristan (1903, bertan dago Tonio Kröger kontakizuna); Der tod in Venedig (1912, Heriotza Venezian, X. Mendigurenek euskaratua); Der Zauberberg (1924, Mendi magikoa), Mannen obra nagusia; Joseph und seine Brüder (1933-1943, Joseph eta bere anaiak), lau eleberriz osatutako saila; Doktor Faustus (1947). Kontakizun laburrak ere idatzi zituen. Haietariko batzuk dira: Herr und Hund (1919, Jauna eta zakurra); Unordnung und frühes Leid (1926, Oinaze goiztiarra); Mario und der Zauberer (1930, Mario eta magoa); Die betrogene (1953, Emakume engainatua). 1929an Literatura Nobel saria irabazi zuen.