Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mach, Ernst

Austriar fisikari eta filosofoa (Turas, 1838 – Haar, 1916). Filosofiaren alorrean, enpirokritizismoaren jarraitzaile izan zen. Teoria horren arabera, sentsazioak eta sentsazioen arteko loturazko funtzioak (legeak) aztertu behar dira esperientzia, bere osotasunean, ulertu ahal izateko. Enpirokritizismoak, beraz, azterketatik kanpo uzten ditu substantzia eta kausalitatea, eta eremu fisikoaren eta psikikoaren bikoiztasuna ukatzen. Fisikaren alorrean, hotsaren lastertasunak aerodinamikan duen eragina aztertu zuen. Fisikari honen omenez, Mach izena eman zaio aeronautikan erabiltzen den lastertasun banakoari. Newton–ek ezarritako mekanikaren oinarriak kritikatu zituen, eta Mach–ek alor horretan ikertutakoak eragin handia izan zuen Einstein–engan.  v  Mach zenbakia. Fis. Lastertasun banakoa, jariakin batean mugitzen den gorputz baten lastertasuna eta hotsak jariakin horretan lortzen duen lastertasuna alderatzen dituena. Aeronautikan erabiltzen da, batez ere, Mach zenbakia, eta aireak toki eta egoera bakoitzean dituen aldagaien araberakoa da, tenperaturak, hezetasunak eta itsasoarekiko garaierak alda baitezakete hotsaren lastertasuna, eta, beraz, Mach zenbakia. Hegazkin baten lastertasuna Mach 1ekoa denean, une eta toki horretan hotsak duen lastertasun bera du hegazkinak. Lastertasun horretan, konpresio–indar handiak jasaten ditu hegazkinak. Hotsaren lastertasunean ibil daitekeen hegazkin bakoitzak bere gehienezko edo segurtasunezko Mach zenbakia du, hegazkin horrek konpresioari jar diezaiokeen erresistentziaren araberakoa.  v  Mach-en uhina. Fis. Ibilgailu bat jariakin batean A puntutik B puntura doanean, eta ibilgailu horren lastertasuna (c) jariakin horretan uhinek duten lastertasuna baino lasterragoa bada, A puntuan sortzen den presio-uhin esferikoaren erradioaren balioa ct izango da, t izanik ibilgailuak Atik Bra joateko behar izan duen denbora. Gauza bera gertatzen da A eta B bitarteko puntu guztietan. Bide osoan sortutako presio uhinek, batera hartuta, kono itxurako irudi bat osatzen dute, Mach-en uhina izenekoa, erpina B puntuan eta oinarria A puntuan dituena.