Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Machado y Ruiz, Manuel

Espainiar olerkaria, Antonio Machadoren anaia (Sevilla, 1874 - Madril, 1947). Madrilen bizi izan zen ia bizitza guztian, Parisen igarotako aldi labur batzuetan izan ezik. Olerkari izateaz gainera, kazetari, itzultzaile, antzerki kritikari, liburuzain, eleberrigile eta antzerkigile ere izan zen. Hori da, hain zuzen ere, Manuel Machadoren ezaugarri nagusia, alor askotan aritu izana. Idatzi zituen olerki liburuen artean Alma (1900, Arima), Caprichos (1905), El mal poema (1909), Cante hondo (1912), Ars moriendi (1922) eta Phoenix (1935) ditu azpimarragarrienak. Literatura kritikan ere aritu izan zen; La guerra literaria (1898-1914, Literatura gudua) obra da horren lekuko. 1938an Horas de Oro (Urrezko orduak) lana argitaratu zuen; urte berean Hizkuntzaren Akademiako kide izendatu zuten.