Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lizarrerria

Nafarroako erdi-mendebaleko eskualdea. Lizarrerriaren iparraldeko (Urbasa eta Andiako mendizerrak), ekialdeko (Izarbeibar) eta mendebaleko (Arabako herrialdea) mugak ondo zehaztuta badaude ere, ezin da bera esan Lizarrerriko hegoaldeko mugari buruz, Lizarrerriko Erriberarekin nahasten baita. 1.601 km2-ko azalera eta 59 udalerri hartzen ditu Lizarrerriak. Haran edo ibarretan banatzen dira aipatutako udalerriak: Ameskoak, Lizarrako Sakana edo Lizarrerria bera, Goñibar, Mañeruibar, Iguzkitza, Ega ibarra, Lanaibar, Berrotzako ibarra, Agilar ibarra eta Urantziako mendipea. Lizarrerriko iparraldeko herriak kontzejuetan banatuta daude eta udalerriak kontzejuek osatuak dira. Hegoaldekoak aldiz, herrigune bakarreko udalerriak dira gehienak. Laborantza (bazkarako landareak, patata, laboreak, iparraldean; garia, garagarra, mahatsa, esparragoak, hegoaldean) eta abere hazkuntza (ardi, ahuntz, zerri eta behi azienda) dira nagusiki, Lizarrerriko biztanleen ekonomia jarduera nagusiak. Industria ez dago oso garatua eta dagoen apurra Lizarra, Aiegi eta Villatuertan dago.