Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lizarrako merindadea

Nafarroako hego-mendebaleko eskualdea. Mugak: iparraldean Iruñeko merindadea; ekialdean Iruñeko merindadea eta Erriberrikoa; mendebalean Arabako herrialdea, eta hegoaldean Errioxa. 2.067 km2 eta 72 udalerritan banatutako 62.030 biztanle (30 biztanle m2-ko, 1981). Honako haran edo ibarretan daude banatuta 72 udalerriak: Deierri, Goñibar eta Gesalatz, Mañeruibar, Iguzkitza ibarra, Ega ibarra, Lanaibar, Allin, Berrotza ibarra eta Ameskoa. Hiriburua, Lizarra. Hiri nagusiak: Lodosa, San Adrian, Mendabia, Viana eta Azagra. Urbasa eta Andiako mendikateetatik Ebro eta Ega ibaien sakanetaraino zabaltzen da Lizarrako merindadea. Ega ibaiak mendebal ekialde zeharkatzen du merindadea Lizarraraino, eta iparralde hegoalderako norabidea hartzen du San Adrianen ura Ebro ibaian isuri aurretik. Lizarrako merindadean bi multzo geomorfologiko handi bereiz daitezke: Kantauri aldeko haranak eta mendiak ipar eta ipar-mendebalean (Urbasa, Andia, Lokiz, Kodes) eta Ebroko sakana, hegoaldean. Klimari eta landaretzari dagokienez ere bereizketa bera egin behar da. Merindadearen iparraldean klima ozeanikoa da, eta hegoaldean klima mediterraneo-kontinentala. 400-1.800 mm euri ur izaten da urtean batez beste eta 6-14 °C-ko tenperatura. Iparraldean hosto txikiko hariztiak eta pagadiak dira zuhaizti hedatuenak, eta hegoaldean arteak eta abaritzak. Administrazio aldetik ere bereizgarri nabarmenak dituzte iparraldeko eta hegoaldeko udalerriek. Iparraldekoak, gehienetan, kontzeju desberdinek osaturiko udalerriak dira, hegoaldeko herriek, berriz, herrigune bakarreko udalerriak osatzen dituzte. Lizarrako merindadeko biztanleen ekonomia jarduera nagusiak laborantza eta abere hazkuntza dira. Industria (kontserbak, ardogintza, zurgintza, eraikuntza) hiri nagusietan besterik ez dago.