Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lizarra-Garaziko Hitzarmena

Euskal alderdi abertzaleek eta IU-EBk, hainbat sindikatuk eta herri mugimenduk, 1998ko irailaren 12an Lizarran sinatutako itun politikoa, ondoren Donibane Garazin berretsia. Lizarrako hitzarmena, berehala Lizarra-Garaziko bilakatuko zena, ETAk su-etena iragarri baino egun batzuk lehenago sinatu zen. Herri Batasunak eraginda, Irlandan bidean zegoen bake prozesuaren jarraipena egiteko eta horrek Euskal Herrian izan zezakeen aplikazioa aztertzeko sortu zen Irlanda Foroa da Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren aurrekari zuzenena. Aurreko urteetako etenak gainditurik, elkarlan giroa nagusitu zen 1998an indar politiko eta sindikal abertzaleen eta alor bereko hainbat erakunde eta herri mugimenduren artean. Gonbidapenari uko egin zioten PP eta PSE-EE alderdiak eta CCOO eta UGT sindikatuak izan ezik, Euskal Herriko gainerako alderdi eta sindikatu garrantzitsuenak HBk bultzatutako Irlanda Foroaren inguruan gauzatu zuten lehenik elkarrizketa eta elkarlana; horren emaitza zuzena izan zen Lizarra-Garaziko Hitzarmena. ■ Lizarra-Garaziko Hitzarmenak bi parte ditu. Lehenengoan, Irlandako akordioaren ezaugarriak aztertzen dira, bake prozesua ahalbideratu zuten faktoreen azalpena eginez. Irlandar prozesuaren zazpi ezaugarri nabarmentzen dira dokumentuaren lehen atal horretan: inplikatu guztiek arazoaren izaera politikoa onartu izana; ez gobernu britainiarrak ez IRAk ez zutela garaipen militarrik lortuko ikusi izana; protagonista guztiek, hausnarketari esker, elkarrizketa enfrentamenduaren aurrean hobetsi izana; Irlandan zeuden tradizio guztiak ulertu eta errespetatuko zituen konponbidea eratu eta bultzatu izana; bi aldeek distentsio-keinuak egiteagatik, elkarrizketak eta distentsioak indarkeriaren erabilerari eta politika bakartzaileari aurrea hartu izana; Irlandako herritarrei autodeterminazio eskubidea aitortzeak –bai edukiari buruz, burujabetzarako formula berriak sortuz, bai metodoari dagokionez ere, azken hitza herritarrei emanez–, demokrazia sakontzea ekarri izana eta, azkenik, Irlandako bake prozesuan nazioarte mailako hainbat faktorek –Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen eta gobernuaren prozesuaren aldeko apustu sendoa eta Europar Batasuneko hainbat erakundek eginiko harrera ona– izandako paper aipagarria. Hitzarmenaren bigarren zatiak Irlandako bake-prozesuak Euskal Herrian izan lezakeen balizko aplikazioa lantzen zuen. Zera zioen, hain zuzen: “Irlandako bake-prozesu eta akordioaren ezaugarriak kontuan izaki, Euskal Herriak nozitzen duen gatazkak ere konponbidea izan dezakeelakoan gara, betiere jarraian aipatzen diren jokamoldeak errespetatzen badira”. Euskal Herriak nozitzen duen gatazka hori honela identifikatzen du Lizarra-Garaziko Hitzarmenak: “Euskal-gatazka izenarekin ezagutzen duguna, jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, bertan estatu espainiarra eta frantsesa inplikatuta daudelarik. Beraz konponketak ere derrigorrez politikoa izan beharko du. Gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ulermoldeak desberdinak izanik, berau lurraldetasuna, erabaki subjektua eta burujabetza politikoan adierazten denez, aipaturikoak konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu”. Arazo horiek konponbidean jartzeko metodoari dagokionez, “elkarrizketa eta negoziazio prozesu irekia” proposatzen du Hitzarmenak, “inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku-hartzearekin”. Prozesuak, berriz, bi fase ditu. Hasierako fasearen ardatzak elkarrizketa prozesua eta negoziazioa izango lirateke, eta “inplikaturiko eragileen arteko harreman eta elkarrizketa bidez eman daiteke, elkarrizketa prozesua gauzatu dadin, inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suertatu daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe”. Erabaki-fasea izango litzateke ondorengoa, “bere baitan arazoaren zergatiak aztertzeko nahia eta konpromisoa daraman negoziazio eta konponketa-prozesua”. “Gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeria adierazpen gabe gauzatuko litzateke” prozesuaren erabaki-fase hori. Negoziazioa izanik hitzarmenaren ardatz nagusia, horrek “osotasunezko izan behar du, hau da, arazoa osatzen duten eta bere ondorio diren kontu guztiak aztertuz eta erantzunak emanez”. Agenda mugadunik gabe, “negoziazioa ez da hartu behar irabazi partikularren prozesu bezala, arazoaren konponbide gisa baizik”. Eta konponbideak ere baditu hainbat giltzarri: hori erabakitzeko negoziazioak bere baitan ez du “berariazko inposaketarik”, “euskal gizartearen aniztasuna errespetatu behar da”, proiektu guztiak erdiesteko baldintza berdinetan kokatuko dira eta “Euskal Herrian demokrazia sakondu behar da –hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarren beren hitzaren bitartez adierazi behar dute– eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dute”. Azken batean, “Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu”. Prozesu horren ondoriozko eszenatokiari dagokionez, “konponbide-erabakiak ez du eskenatoki itxi eta behin betikorik edukiko. Alderantziz, berari esker, euskal herritarren tradizioari eta soberanotasun asmoei aukera berriak kokatzeko moduko toki zabalak eratzea erraztuko da”. ■ Alderdi politiko hauek atxiki zitzaizkion Lizarra-Garaziko Hitzarmenari: Abertzaleen Batasuna, Batzarre, EAJ-PNV, Eusko Alkartasuna, Herri Batasuna, Iniciativa Ciudadana Vasca, Izquierda Unida-Ezker Batua (2000ko urtarrilaren 26an akordiotik ateratzea erabaki zuen), Partido Carlista-EKA eta Zutik. Ipar Euskal Herriko Berdeak begirale gelditu ziren. Sindikatuak ere ugari izan ziren Lizarra-Garaziko Itunean bilduak: EHNE, ELA, ESK-CUIS, Euskal Laborarien Batzarra, Ezker Sindikala, Hiru, LAB eta STEE-EILAS. Begirale bezala gelditu zen CFDT sindikatua. Herri mugimenduei dagokienez, hona Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren sinatzaileak: Amnistaren aldeko Batzordea, Anai Artea, Autodeterminazioaren Biltzarrak, Bakea orain, CAR/Ahaideak, Comité de Défénse des Droits de l’Homme en Pays Basque, Egizan, Elkarri, EPSK-Gureak, Gazteriak, Gernika Batzordea, Gogoa, Gurasoak, Hautesi Abertzaleen Elkartea, Herria 2000 Eliza, Herriarekin, Jarrai, Presoen Aldeko Koordinaketa, Senideak, Sostengu Komiteak eta UDA-Trevińo. Hitzarmena izenpetu ondoren, zabaltzeari ekin zioten sinatzaileek. Indar ez abertzaleen aurkako jarrera ere erabatekoa eta berehalakoa izan zen, Lizarra-Garaziko Hitzarmenak, izatez, ez abertzaleak erabat alboratzen zituela arbuiatuz, besteak beste. Nolanahi ere, Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu ondoren aspaldian ez bezalako lankidetza giroa zabaldu zen abertzaleen artean. ETAk su-etenari eusten zion bitartean, alor politikoan lankidetzak akordio jakinak ekarri zituen EAJ-EA-EHren artean, bai 1998ko urriko hauteskundeen ondorioz eratu zen Eusko Legebiltzarrean, baita 1999ko ekaineko udal hauteskundeetatik sortutako hainbat udaletan ere. Urtea betetzean sinatzaileek kaleratu zuten agirian azpimarratzen zenez, hilabete batzuk lehenago sinesgaitza izan zitekeen abagune hark ilusioa piztu zuen sinatzaileen eta Euskal Herriko herritar askorengan. Beste alde batetik, sakondu egin zen Lizarra zela-eta alderdi abertzale eta ez abertzaleen arteko etena, eta harremanek erabat okerrera egin zuten. ■ Urtea amaitu orduko hasiko zen pitzatzen, ordea, Lizarrako espiritua. 1999ko azaroaren azken egunetan su-etena bertan behera uzteko asmoa zuela jakinarazi zuen ETAk. Lizarra-Garaziko sinatzaile askok eta askok su-etenari eustea akordioari eusteko ezinbestekotzat jo bazuten ere, 2000ko urtarrilean egin zuen ETAk su-etenaren osteko lehen atentatu hilgarria. Handik egun gutxira utzi zuen Hitzarmena horretara bildutako alderdi ez abertzale bakarrak, IU-EB koalizioak, eta EH-k ez zuenez ETAren jarduera biolentoa gaitzetsi, haren eta EAJ-Earen arteko harremana ere gaiztotzen hasi zen, Legebiltzarrean zeukaten akordioa bertan behera gelditu eta EHk Legebiltzarrera joateari uztea erabaki zuen arte. Udal mailako akordio gehienak ere bertan behera gelditu ziren. Abertzaleen arteko elkarlanaren eteteak ondorio politiko larriak izan ditu gerora. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren EAJ-EA gobernuak ezinbestekoa zuenez Legebiltzarrean EHren babesa, ezker abertzaleak instituzio hori utzi zuenean gutxiengoan gelditu ziren lehendakaria eta bere gobernua PP eta PSOEren oposizioaren aurrean, eta hauteskundeen aurreratzearen iragarpena ekarri zuen azkenean 2001eko martxoan egoera hark. Lizarra-Garaziko Hitzarmenak indar abertzaleentzako erreferentzia nagusi izaten jarraitu zuen, baina hitzarmenaren garapena ia erabat eten zen egoera politiko berriaren ondorioz 2000. urtean zehar.