Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Liang Shu-ming

Txinako idazle eta filosofoa (Kweilin, Kwangsi, 1893). Konfuzianismoaren aldekoa zen. Politika alorrean, Txinako Liga Demokratikoko buruzagia izan zen eta Alderdi Komunistaren eta Kuomingtang-aren artean mugitu zen. Budista zen jatorriz, baina 1918tik aurrera konfuzianismora jo zuen, aitak bere buruaz beste egin ondoren. 1921ean, Tung-hsi wen-hua chi ch’i che-hsueh (Sortaldeko eta Sartaldeko kulturak eta (dagokien) filosofia) saiakera argitaratu zuen eta kontrakarrean ezarri zituen antzinako Txinako filosofia harmoniatsua eta Sartaldeko joera suntsitzailea. Geroago Sartaldean abiarazitako zenbait bide Txinan urra zitezkeela onartu zuen, eta 1937an, Txinaren eta Japoniaren arteko gerraren garaian, politikan sartu zen, Liga Demokratikoan, eta 1949an Txinan geratu zen, marxismoaren balioa onartu ez zuen arren. 1980an Txinako konstituzioa berritu zuen batzordean parte hartu zuen.