Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Li Dazhao

Txinako iraultzailea (Hopeh, 1888 - Pekin, 1927). Txinako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen eta eragin handia izan zuen Maoren pentsamenduan. Tientsin eta Tokion ikasi ondoren, Hsin chíeng-nien (Gazteria berria) literatura eta kultura egunkaria argitaratu zuen. 1920an historiako irakasle hasi zen Pekingo unibertsitatean. Errusiako iraultzaz arduratuta, marxismoaren bidea hartu eta Txinako Alderdi Komunista eratu zuen, Mao Zedong eta beste buruzagi batzuekin. Alderdiko buruzagi gisa, Txinako iparraldean jardun zuen batez ere. 1927an Errusiaren enbaxadan babestu behar izan zuen Pekinen, baina Mantxuriako buruzagi militar batek atxilo hartu eta urkabera eraman zuen. Buruzagi baino teorialari zen gehiago Li Dazhao. Berak zehaztu zituen Txinako iraultzarako bide nagusiak, gerora maoismoaren oinarri izan zirenak. Nazionalista sutsua zen marxismoaren bidetik abiatu aurretik eta errezelo handiz hartu zituen iraultza mundu guztiko langileek batera egin behar zutela zioten teoriak. Garbi ikusi zuen, bestalde, Txinako hiri langileriak nekez har zezakeela garai hartan iraultzaren lema eta herrialde industrial bateko klase-borroka klasikoari ekin baino laborariengan oinarrituriko iraultza populistaren beharra adierazi zuen. Pentsamendu molde honek eragin handia izan zuen Maorengan eta estrategia militar sendo batez osatu zuen honek iraultzarako programa. Hil ondoren, Txinako iraultzako martiri ohoratuena izan zen Li Dazhao.