Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lewis, Jerry Lee

(“The Killer” deitua). Estatubatuar kantari eta pianista (Ferriday, Louisiana, 1935). 1956an Crazy Arms singlea argitaratu zuen, eta 1957an urte haietako zentsura hertsiak kanta lizuntzat jo eta betoa jarritako Whole Lotta Shakin’ Goin’ On kantari esker ezaguna bilakatu zen Estatu Batuetan. Urte berean agertu zen Great Ball Of Fire ere, gairik ospetsuenetako bat rock&rollaren historian. Baina 1958an Erresuma Batuan lehen bira egiten ari zela, Britainia Handiko prentsak Lewisen hirugarren emazteak, Myra Galek, 13 urte besterik ez zituela eta Lewisen lehengusina txikia zela jakin zuen, eta Estatu Batuetako hegoaldeko estatuetan sustrai sakonak dituen ohitura izan arren, orduan sortutako eskandaluaren ondorioz asko jaitsi zen kantari honen ospea. Nolanahi ere, 1968az geroztik inoiz utzi ez zuen country musika grabatzen hasi zenean, berriro gora egitea lortu zuen. Bere bizitzan arazo ugari izateak –alkohola, drogak, dibortzioak, seme-alaben heriotzak, liskarrak– eragin handia izan du Lewisen ibilbide artistiko eztabaidatuan.