Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LeWitt, Sol

Estatubatuar artista (Hartford, Connecticut, 1928 – Connecticut, 2007). 1945-49 bitartean Syracuse-ko Unibertsitatean ikasi zuen, eta 50eko hamarkadan diseinatzaile grafiko lanak egin zituen New Yorkeko arkitekto enpresa baterako. 1964-1967 bitartean New Yorkeko Arte Modernoaren Museoaren Eskolako irakasle izan zen. 1965ean kubo irekien eskulturak egiten hasi zen; egurrez edo metalez egindako egiturak, hasieran beltzez eta gero zuriz pintatuak, ikuspuntuaren arabera irudi geometriko ezberdinak irudikatzen dituztenak. Box in the Hole (1968) da ildo horretako obra adierazgarrienetako bat. 1968an, berriz, hormetan marrazkiak egiten hasi zen, eta lehena New Yorkeko Paula Cooper arte aretoan erakutsi zuen. Hormetako lehen marrazkietan arkatz beltzez eginiko lerro fin-fin bat izan ohi zen osagai nagusia, baina 80ko hamarkadan koloreak eta irudi geometriko handiak ere sartu zituen, hala nola laukiak beste lauki batzuen barruan, edota elkarren ondoko hirukiak. Bere burua artista kontzeptualtzat zuen eta ukatu egiten zuen minimalista zenik.