Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lewis, Edward

Estatubatuar biologoa (Wilkes-Barre, Pennsylvania, 1918 - 2004). Biologia, genetika eta meteorologia ikasketak egin zituen Minnesotako Unibertsitatean eta Kaliforniako Teknologia Institutuan, eta ikastetxe honetako Biologia sailean irakasten eta ikerketa genetikoak eginez lan egin zuen 1946. urteaz geroztik, 1988an irakasle emeritu bilakatu zen arte. 40ko hamarkadan hasi zituen bere ikerketak, ozpin euliak hazi eta aldaketa genetikoak eragiteko irradapean jarriz. Ikerketa horietan, euliaren gorputz atal bakoitzaren garapena bideratzen duen gene multzoa aurkitu zuen. Zenbait genetan mutazioak sorraraziz, eulietan ezohiko gorputz atalak, hego edo zango gehiago izatea adibidez, edo beste anomalia batzuk eragin zitzakeela aurkitu zuen. Ikerketa hauek gizakien geneetan antzeko aurkikuntzak egiteko eskema eskaini zuten, eta zientzialariei gizakien sortzetiko akatsak ulertzen ere lagundu zien. Azken aurkikuntza horrengatik Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen 1995ean, Eric Wieschaus eta Christiane Nusslein-Volhard-ekin batera.