Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

León, Maria Teresa

Espainiar idazlea (Logroño, 1903 - Madril, 1988). Ramon Menéndez Pidal filologo handiaren iloba. Bere artikuluetan klase pribilegiatuei erasotzen zien gutxien zutenei kulturarako bidea eragozten zietelako. 17 urte zituela ezkondu zen, baina gero dibortziatu eta 1929an Rafael Alberti olerkariarekin ezkondu zen. Albertirekin batera ezkerreko eta faxismoaren aurkako lanetan murgildu zen, El Mono Azul astekariaren zuzendaritzan esaterako; Gerra Zibilaren ostean atzerriratu, eta Frantzian, Argentinan eta Italian bizi izan ziren biak. Aintzat hartzeko prosa idazlea dela frogatu zuen hainbat ipuin liburutan: Cuentos para soñar (1929); Morirás lejos (1942) eta Fábulas del tiempo amargo (1962), besteak beste. Eleberria (Contra viento y marea, 1941; Juego limpio, 1959; Menesteos, marinero de abril, 1965), gai politiko eta sozialak lantzen dituen drama (Huelga en el puerto, 1933) eta kontakizun autobiografikoa ere (Memoria de la melancolía, 1970) argitaratu zituen. 1977an Albertirekin atzerritik itzuli eta 1988an Madrilgo ospitale batean hil zen, buruko ahalmenak erabat galduak zituela.