Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leon

Eliza katolikoko hamahiru aita santuren izena.  v  Leon I.a Handia, santua. 45. Aita Santua, 440-461 urteetan. Erroman jaio zen eta Elizako doktore egin zen. Manikeismoaren, pelagianismoaren eta priszilianismoaren aurka borrokatu zen. Italiatik alde eragin zion Atilari (452), baina ezin eragotzi izan zion Genserikori Erroman sartzea. Jaieguna, azaroaren 10a.  v  Leon II.a, santua. 80. Aita Santua, 682-683 urteetan. Siziliarra zen. Jaieguna, uztailaren 3a.  v  Leon III.a, santua. 96. Aita Santua, 795-816 urteetan (Erroma, 750 - Erroma, 816). Karlomagno enperadorea koroatu zuen 800. urtean. 810. urtean filioque (Hirutasun Santuan, Semea Aitaren pare jartzea; greko ortodoxoek ez dute horrelakorik onartzen) fede egiatzat onartu zuen, liturgian sarrera egin ez zion arren. Jaieguna, ekainaren 12a.  v  Leon IV.a, santua. 103. Aita Santua, 847-855 urteetan. Gogor borrokatu zen sarrazino musulmanen aurka eta Ostiako hirian garaitu zituen. Vatikanoko hiria harresiez inguratu zuen etsai berberiarrengandik babestearren. Jaieguna, uztailaren 17a.  v  Leon V.a. 103. Aita Santua, 903. urteko uztailetik irailera. Kristobal antipapak atxilo hartu eta lepoa bihurrituta hil zuen 903. urtean.  v  Leon VI.a. 123. Aita Santua, 928. urteko maiatzetik abendura. Joan X.aren ondorengoa zen; pornokrazia garaiko aita santua izan zen.  v  Leon VII.a. 126. Aita Santua, 936-939 urteetan. Erromatarra. Monasterioetako ordenen berrikuntza bultzatu zuen Cluny-ko ordenaren mesedetan. Pornokrazia garaiko aita santua izan zen.  v  Leon VIII.a. 131. Aita Santua, 963-965 urteetan. Erromatarra. Laikoa zen, eta Oton I.ak izendatu zuen Aita Santu Joan XII.aren kaltetan. Oso eztabaidatua izan zen haren izendapena.  v  Leon IX.a, santua. (Bruno Graf von Egisheim-Dagsburg jaiotza izenez). 150. Aita Santua, 1048-1054 urteetan (Egisheim, Alsazia, 1002 - Erroma, 1054). Gregorio VII.aren laguntzailea izan zen eta elizaren barne erreformari ekin zion bere aldetik; hala, bidaia ugari egin zuen Europan barrena: Pavia, Mainz eta Reimsko kontzilioak. Normandiarren aurka borrokatu zen Italiako hegoaldean eta, atxilo hartu bazuten ere (1053), haien leialtasuna lortu zuen. Haren garaian mamitu zen eliza kristauko zisma: Migel Kerularios Konstantinoplako aita lehenaren aurka borrokatu zen beti eta, hil ondoren, bere ordezkariek eskumikatu zuten apaiz grekoa. Neurri honek sorrarazi zuen Zisma Handia (1054).  v  Leon X.a. (Giovanni de’ Medici jaiotza izenez). 215. Aita Santua, 1513-1521 urteetan (Florentzia, 1475 - Erroma, 1521). Laurendi Handia Medicikoaren semea zen. Giro humanistan hezi zuten eta literatura (Bembo, Sadoleto, Paolo Giovio, Joan Laskaris) eta artea (Rafaelen esku utzi zituen Vatikanoko obrak eta Michelangelori agindu zizkion Florentziako Laurendi santuaren elizako aurrealdea eta Medicitarren hilobia). Boloniako konkordatua izenpetu zuen Frantziako errege Frantzisko I.arekin (1516) eta amaiera eman zion Letrango kontzilioari, benetako erreforma egin gabe ordea. 1514an Julio II.ak San Pedro basilikaren eraikitzaileei emaniko induljentziak berritu zituen eta guztiz kritikatu zuen horregatik Luterok 1517an. Exsurge, domine izeneko bulda plazaratu zuen 1520ko ekainean Luteroren aurka; hark jendaurrean erre zuen urte bereko abenduan. Huraxe izan zen kristau elizako bigarren zismaren hasiera.  v  Leon XI.a. (Alessandro Ottaviano de’ Medici jaiotza izenez). 230. Aita Santua, 1605. urteko apirilaren 1etik 27ra arte (Florentzia, 1535 - Erroma, 1605). Frantziaren eta Espainiaren arteko bakea bultzatu zuen Aita Santuaren ordezkari izan zen urteetan.  v  Leon XII.a. (Annibale Sermattei della Genga jaiotza izenez). 250. Aita Santua, 1823-1829 urteetan, Aliantza Santuko Aita Santua izenaz ezaguna (Genga, 1760 - Erroma, 1829). Karbonarien aurka borrokatu zen.  v  Leon XIII.a. (Gioacchino Pecci jaiotza izenez). 254. Aita Santua, 1878-1903 urteetan, Pio IX.aren ondorengoa (Carpineto Romano, 1810 - Erroma, 1903). Perugiako artzapezpiku (1846), kardinal (1853) eta camerlingo (1877tik aurrera, aita santuaren ordezkoa) izan zen, aita santu bihurtu aurretik. Katolikoei politikan parte hartzea debekatu zien, Italian izan ezik, ez baitzuen eliza katolikoak Erromako hiriaren galtzea onartu. Kanpoaldean hitzarmen politika bultzatu zuen: Alemanian Kulturkampf higikundea indargabetzea lortu zuen (1886) eta katolikoek errepublika onets zezaten gomendatu zuen Frantzian (1890-1892, Lavigerie kardinalaren laguntzaz). Ingalaterran Lord Halifax-ek eliza anglikanoaren eta katolikoaren arteko batasunaz eginiko ahaleginak babestu zituen, baina ez zuen urrats zehatzik bideratu horren alde (1896). Dotrina eta filosofia esparruak zabaldu zituen elizaren barnean eta entziklika ugari eman zuen ezagutzera: Aeterni patris (1879) tomismoa kristau filosofiaren oinarritzat berrezartzen zuena; Arcanum (1880), kristau familiaz eta dibortzioaren aurka; Inmortale Dei (1885), Eliza, estatu eta askatasunari buruz, eta, nagusia, Rerum Novarum (1891), langile arazoari buruz, sozialismoaren aurka eta katolikotasun sozial baten alde. “Langileen aita santua” izena jarri zioten Leon XIII.ari, entziklika honen ondoren.