Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lavelli, Jorge

Argentinar antzerki zuzendaria (Buenos Aires, 1932). Jatorri italiarreko familia batean sortu zen; beka bati esker iritsi zen 1960an Frantziara, eta han hartu zuen bizilekua betiko. Hasiera-hasieratik testuaren antzerki baliokidea aurkitzen ahalegindu zen, gorputza, erritmoa, espazioa, alderdi plastikoa eta testua bera maila berean ipiniz. Besteak beste, W. Gombrowicz idazle poloniarra ezagutarazi eta Fernando Arrabalen obrak antolatu zituen. Opera alorrean ere lan egin zuen, eta 1975ean Mozarten Idomeneo Kretako errege obraren antzezpena prestatu zuen. 1988an bere gain hartu zuen Parisko Colline Antzokiaren zuzendaritza. Antzerki modernoa bultzatu izan du beti, eta adierazpen askatasun handia eta mundua ikusteko era bitxia duten egileekin lan egin du. Hala, García Lorcaren El público antzerki lana estreinatu zuen, artista espainiarraren konpromiso soziala adierazten duen lanik adierazgarriena. Umore garratza, lotsagabea eta iraultzailea da Lavelliren modurik gogokoena, egile anitz eta ezberdinen bitartez munduari buruzko galderak adierazten dituena.