Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lavoisier, Antoine Laurent

Frantses kimikaria eta fisikaria (Paris, 1743 - Paris, 1794). Mazarin eskolan egin zituen ikasketak eta Rouelle kimikariaren ikasle izan zen gero. 1768an, 25 urte zituela, Frantziako Zientzien Akademiako kide egin zuten, eta lehendakari 1785ean. Frantziako laborategi aurreratuena zuen, garai hartako zientzialari nagusien biltoki izan zena. Monarkia garaian zerga biltzaile izan zela eta, Frantziako Iraultzaren Izualdian atxilotu eta gillotinan hil zuten. Lavoisier kimika modernoaren sortzailetzat hartzen da. Traité élementaire de Chimie (1789, Kimikaren oinarrizko saiaera) da haren obra nagusia.  v  Lavoisier-ek zientziari egin zizkion ekarpen nagusiak hauek dira: oxigenoaren ezaugarriak zehaztu zituen eta errekuntza nola gertatzen den argitu zuen, hots, errekuntza oxigenoaren eta beste elementu batzuen erreakzioa zela frogatu zuen, eta balio gabe utzi zuen ordu arte indarrean zegoen teoria flogistikoa; halaber, errekuntza bizkorra (zurarena) nahiz geldia (burdinaren oxidazioa) izan zitekeela frogatu zuen; kimika ezagupenak fisiologiara aldatu eta gorputzak elikagaiak bereganatzen dituenean, gai horiek pixkanaka oxidatzen direla eta prozesu horretan gorputzaren tenperatura bere horretan iraunarazten duen beroa sortzen dela adierazi zuen; arnasketaren eginkizuna ere argitu zuen, eta 1780an materiaren iraupenaren legea eman zuen ezagutzera; hidrogeno eta oxigeno elementu kimikoei izena jarri zien, eta kimika erreakzioetan parte hartzen duten gaien pisua neurtzeko balantza erabiltzen hasi zen. Guyton de Morveau, Berthelot eta Fourcroy kimikariekin batera gaur egun kimikan erabiltzen den nomenklaturaren oinarriak ezarri zituen. Lavoisier-en lanak: Opuscules physiques et chimiques (1774, Fisikari eta kimikari buruzko opuskuloak), Nouvelles recherches sur l’existence d’un fluide élastique (1775, Jariakin elastiko bati buruzko aurkikuntza berriak) eta Méthode de nomenclature chimique (1787, Kimika nomenklaturaren metodoa).