Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Laval, Pierre

Frantses politikaria (Châteldon, Puy-de-Dôme, 1883 - Fresnes, 1945). Diputatu sozialista 1914tik aurrera. Aubervilliersko alkate izan zen 1923-1940 urteetan, diputatu, sozialista independente gisa, 1924-1927 urteetan eta senatari 1927-1940 bitartean. Lau aldiz izan zen ministro (Herri Lanak, 1925; Justizia, 1926; Lana, 1930 eta 1932, eta Kanpo Arazoak, 1935-1936) eta berak abiarazitako politikak haserre bizia sortu zuen, ezker aldean bereziki. Kanpo arazoetan ere, oso erabaki eztabaidatuak hartu zituen (elkarren laguntzarako akordioa Sobietar Batasunarekin eta, batez ere, Mussoliniren Italiarekiko hitzarmena). 1936an utzi behar izan zuen gobernua eta 1940an itzuli zen gobernura, Pétain-ekin. Lehendakari-orde izendatu zuten eta naziekin lan egitera deitu zuen argi eta garbi. 1941ean kendu zuten kargutik, baina alemaniarrek berriro ezarri zuten 1942an. Barne Arazoetarako, Informaziorako eta Kanpo Arazoetarako ministro izan zen. Austriako bidea hartu zuen indar aliatuak Frantzian nagusitu zirenean, eta Espainia aldera jo zuen ondoren (1945eko maiatza). Estatu Batuetako militarrek hartu zuten atxilo Innsbrucken eta Frantziako agintarien esku utzi zuten ondoren. Hiltzera kondenatu eta fusilatu zuten Fresnesen.