Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Landa Areta, Alfredo

Nafar antzezlea (Iruñea, 1933). Mario Camusen Los santos inocentes (1984) eta José Luis Cuerdaren El bosque animado (1987) dira, agian, Landaren maila baieztatu duten filmak. Bietan egindako lanengatik jaso zituen sari garrantzitsuak: Berlingo Zinemaldiko aurrenekoarekin, eta Goya saria bigarrenari esker. Bere karrerako bigarren Goya saria 1992an lortu zuen, José Luis Cuerdaren La Marrana filman egindako lanagatik. Telebistarako ere lan ugari egin du. 1992ko ospakizunak zirela-eta ekoitzi zen El Quijote telefilmean Sancho Panzarena egitea egokitu zitzaion. 1997-98 denboraldian bera izan zen Espainiako Antena 3 kateak eman zuen En plena forma telesaileko protagonista, eta 2000. urtean Tele 5eko Don José telesailaren errepartoaren buruan egon zen. Hiruzpalau urteko etenaldiaren ostean 1999an itzuli zen zinemara, José María Borrelek zuzendutako El árbol del penitente komediarekin.