Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Landa Etxebeste, Mariasun

Gipuzkoar idazlea (Errenteria, 1949). Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. OHOko irakasle gisa eta Eusko Jaurlaritzako IRALE programan jardun ondoren, EHUn irakasle da gaur egun. Haur eta gazte literatura lantzen du, eta bere lanetako asko inguruko eta atzerriko hizkuntzetara itzuli dira. Behin eta berriro argitaratu dira, gainera, bere libururik arrakastatsuenak. Jaso dituen literatura sarien artean, honako hauek aipa daitezke: 1982ko Haur Literaturako Lizardi saria, Txan Fantasma ipuinagatik, 1991ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria, Alex lanarenagatik, eta 2003ko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, Krokodiloa ohe azpian ipuinagatik. Ilustratzaile onenekin elkarlanean osatu ditu bere lanak. Hona hemen Mariasun Landaren beste zenbait liburu: Amets uhinak (1982), Kaskarintxo (1982), Elixabete lehoi domatzailea (1983), Partxela (1984), Josepi dendaria (1985), Izar berdea (1985), Iholdi (1988), Izeba txikia (1988), Maria eta aterkia (1988), Aitonaren txalupan (1988), Irma (1990), Kleta bizikleta (1990), Potx (1992), Julieta, Romeo eta saguak (1994), Nire eskua zurean (1995), Ahatetxoa eta sahats negartia (1997), Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean (1997), Sorgina eta maisua (2000), Elefante txori-bihotza (2001), Galtzerdi suizida (2001) eta Haginak eta hilobiak (2005)