Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lancre, Pierre de

Frantziako epailea (Bordele, 1553 - Cadillac, Gironda, 1633). Oso krudela izan zen Lapurdiko jendearekin sorginkeria zela eta bideratu ziren auzietan. Euskal jatorriko familia batean sortu zen, aitona, Bernard de Rosteguy, Nafarroa Behereko Jutsi herriko ardangilea baitzen. Pierre de Lancreren aitak hartu zuen deitura berria, erregeren aldetik jaun (sire de Lancre) titulua jasotakoan. Zuzenbideko ikasketak Bordelen amaitu ondoren, Italiara jo zuen Pierre de Lancrek eta han egin zituen legegizon ikasketak. Bordelera itzuli eta hango Parlamentuko kontseilari hautatu zuten 1582an. 1607an eliza katolikoaren irizpideak modu estuenean aldezten zituen filosofia tratatu bat eman zuen argitara (Tableau de l’inconstance et l’instabilité de toutes choses; Gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua), eta Henrike IV.a Frantziako erregeak 1609an Lapurdira bidali zuen, bertako sorginen arazoa iker zezan. Aginpide guztiak bere eginez, hirurogei lagun inguru hilarazi zituen Lapurdin, sorginak zirelakoan, eta modu horretan gauzatu zuen Euskal Herrian alor horretan egin den triskantzarik handiena. Horren ondoren, liburu batean bildu zituen sorginen inguruko uste eta iritzi guztiak: Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons (1612, Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Pierre de Lancrek ez zuen Lapurdiko gizartea, harentzat arrotz zena, ezertan ulertu nahi izan, eta lapurtarren izaeran, hizkuntzan, ohituretan, lan-moldeetan eta erakundeetan deabruaren ukitua aurkitu zuen. Bestalde, erregearen zerbitzuan eta Bordeleko Parlamentuan segitu zuen 1620 arte. Beste bi liburu idatzi zituen: Le Livre des Princes (1617, Printzeen liburua) eta L’incrédulité et mécréance du sortilège pleinement convaincue (1622, Sortilegioaren eskuetan dagoenaren sinestezina eta fedegabea).