Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

La Fayette

edo Lafayetteko markesa. (Marie Joseph Paul Yves Roch Gilbert Motier izenez). Frantses militarra eta politikaria (Chavaniac, Auvergne, 1757 - Paris, 1834). 1777an ontzi bat antolatu zuen Pasaian eta euskal portu hartatik abiatu zen Ipar Amerikara independentziaren aldekoei laguntzera. Ingelesen aurka borrokatu zen Virginian eta Pennsylvanian eta, Frantziara itzuli ondoren (1779), Frantziako errege Luis XVI.a Ipar Amerikako matxinatuen alde jar zedin lortu zuen. 1780an Virginiara itzuli zen, sei mila gizonek osaturiko armada-talde baten buru, eta armada ingelesa azpiratu zuen Yorktownen. Estatu Batuen independentziaren aldeko gerrako heroi bihurtu ondoren, 1782an itzuli zen Frantziara. Aitonen semeen aldeko diputatu aukeratu zuten 1787an eta diputatu hautatu zuten Estatu Orokorretan (1789). Bastilleko matxinadaren ondoren (1789ko uztaila), guardia nazionaleko buru egin zuten eta iraultza monarkiarekin uztartzea helburu izan zuen handik aurrera. Iraultzaren hasieran garrantzi handia izan zuen baina  ospe hura pixkana-pixkana itzaltzen hasi zen eta guztiz ilundu zen berak zuzenduriko goardiek berrogeita hamar manifestaritik gora hil ondoren (Champ de Mars, Paris, 1791ko uztaila). 1791n Jakobinoen taldea utzi eta Club des Feuillants konstituzio-monarkiaren aldeko taldea osatu zuen (fayettistes, «lafayettezale» ere deitu zitzaien monarkiazaleei). 1791ko abenduan, Frantziako iparraldeko gudarosteko buru izendatu zuten eta kargu hartaz baliatuta lortu zuen La Fayettek erregeak Austriaren aurka gerra egitea erabaki zezan. Erabaki horrek herriaren haserrea areagotu baizik ez zuen egin eta,  La Fayetteren beraren gainbehera ekarri zuen. Austriarrek 1792ko abuztuan preso hartu zuten eta kartzelan eduki zuten 1797 arte. Napoleonen garaian politikaz kanpo bizi izan zen, eta diputatu izan zen berriro Luis XVIII.aren garaian (1814-1824). 1830ean, erregetza hartzen lagundu zion Luis Filiperi.