Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

La Oreja de Van Gogh

(LOVG edo LODVG siglez ere ezaguna). Donostiako musika taldea. Taldea 1996an sortu zen eta lau kidek osatuta dago: Pablo Benegas, Álvaro Fuentes, Xabi San Martín eta Haritz Garde. 1996tik 2007ra bitartean taldeko abeslaria Amaia Montero izan da, baina 2007an Monterok taldea utzi eta bere ibilbidea egiten hasi zen, bakarlari gisa. 2008. urteaz geroztik abeslaria Leire Martínez da. Musikari dagokionez, taldea pop rock generoan sailkatu ohi da, baina orain arte argitaratu dituen bost diskoetan era guztietako generoak landu ditu: ranchera, bossa nova, dancea, elektronikoa eta abar. Taldeak gaztelaniaz kantatzen du eta arrakasta handia du Espainian, Latinoamerikan, Estatu Batuetan, eta Europako beste zenbait herrialdetan. Sei milioitik gora disko saldu ditu eta sari garrantzitsuak jaso ditu, hala nola Grammy Latinoa eta MTV Europa saria.