Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kunitz, Stanley

Estatubatuar poeta (Worcester, Massachusetts, 1905 – New York, 2006). Harvardeko Unibertsitatean ikasketak egin ondoren (1927), eskolak eman zituen, urte askoan, Columbia Unibertsitatean besteak beste (1963-1985). 1959ko Pulitzer saria irabazi zuen Selected Poems 1928-1958 (Olerki hautatuak. 1928-1958) liburuarengatik, bere bi lehenengo liburuetatik –Intellectual Things (1930, Kontu intelektualak) eta Passport to the War (1944, Gerrarako pasaportea)– ateratako bertso bilduma bat. Kualitate intelektual handiko bertsoak dira, Kunitzek asko miresten zituen bi poeten eragina dutenak: John Donne eta William Blake. Hurrengo poesietan askoz estilo pertsonalagoa eta informalagoa erabili zuen. The Testing-Tree (1971) poema bilduma autobiografikoan bere aitaren suizidioak eragin zizkion sentimenak arakatu zituen. Halaber, beraren eta bere alabaren arteko belaunaldia aztertu zuen. Beste lan aipagarri batzuk: The Poems of Stanley Kunitz: 1928-1978 (1979, Stanley Kunitzen poemak: 1928-1978); Next-to-Last Things: New Poems and Essays (1985); eta Passing Through: The Later Poems, New and Selected (1995). Bestalde, literaturaren teoriari buruzko liburuak idatzi zituen, eta errusiar poeta modernoak ingelesera itzuli zituen.