Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kovac, Michael

Eslovakiar politikaria (Lubisa, 1993 - 1998). Eslovakiako errepublika independentearen lehen lehendakaria. Ekonomia ikasketak egin zituen Bratislavan. 1956-1989 bitartean bankuetan lan egin zuen, eta 1967tik aurrera Zivnostenska banketxearen zuzendariorde izan zen Londresen. 1970ean mailaz beheratu eta bankuko enplegatu soil bihurtu zuten, baita Txekoslovakiako Alderdi Komunistatik egotzi ere, sobietarren inbasioaren eta komunisten kontrol politikoaren aurka azaltzeagatik 1968ko Pragako Udaberriaren ondoren. 1978an ekonomia gaietako eskolak ematen hasi zen Bratislavako Unibertsitatean. 1989an komunisten nagusitasuna bukatzea ekarri zuen “Belusezko Iraultzaren” ondoren, Eslovakiako Finantza ministro izendatu zuten. Lehenengo hauteskunde libreen ondoren, 1990ean, karguan berretsi zuten, baina 1991ko maiatzean dimisioa eman zuen, Eslovakiako Lehen Ministro Vladimir Meciar-en dimisioarengatik protesta egiteko. Kovacek bat egin zuen Meciarren alderdi berriarekin, eta 1992ko hauteskundeetan Eslovakiako Biltzar Federaleko lehendakari hautatu zuten. 1993ko urtarrilaren 1ean Txekoslovakiako federazioa bi errepublika independentetan banatu zen: Txekiako eta Eslovakiako Errepublikak. Kovac Eslovakiako Errepublikako lehendakari hautatu zuten 1993ko hasieran, gobernuko ministroak izendatzeko eta kentzeko ahalmenarekin. Kovacen kargua Meciar Lehen Ministro berriaren laguntzari esker sendotu zen, baina 1993ko bukaeran hautsi egin zen bien lankidetza, eta Kovacek autoritarismoaz eta ustelkeriaz akusatu zuen Lehen Ministroa. Josef Moravcikek hartu zuen Meciarren lekua 1994ko martxoan, baina honek atzera eskuratu zuen Lehen Ministro kargua iraileko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Kovac lehendakariaren agintaldia bukatu zenean, 1998ko martxoan, Meciarrek berak hartu zuen estatuaren buruzagitza.