Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kertész, Imre

Hungariar idazlea (Budapest, 1929). Familia judu batean jaio zen. Hamabost urte zituela, Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura deportatu zuten, eta gero Buchenwald eta Zeitz-ekora. Askatu ondoko urteetan, kazetari gisa lan egin zuen Budapesteko egunkari batean, harik eta, 1951ean, Hungariako Alderdi Komunista agintera iristean, lanetik bota zuten arte. Orduan, buru-belarri sartu zen literaturan, bai itzulpenak eginez (Friedrich Nietzsche, Hugo von Hofmannsthal, Sigmund Freud, Ludwig Wittgenstein eta Elias Canetti), bai antzezlanak eta zinemarako gidoiak idatziz. Hain zuzen, bere lehen eleberrian, Sorstalanság (1975, Zoririk gabe) izenekoan, kontzentrazio-esparruetatik bizirik ateratako nerabe baten historia kontatzen du. Liburu horri trilogia osatzen duten beste bi jarraitu zioten: A Kudarc (1988, Porrota) eta Kaddis a meg nim születt gyermekért (1992, Kadish jaiogabeko seme batengatik). 1995ean Brandeburgoko Literatura saria irabazi zuen, 1997an Leipzigeko Liburuaren Saria eta 2002an Literaturako Nobel Saria jasotzen zuen lehen idazle hungariarra bihurtu zen. Beste lan aipagarri batzuk: Az Angol lobogó (1991, Ingeles bandera), Valaki más: a változás krónikája (1997, Ni, bestea; Aldaketaren kronika); A gondolatnyi csend, amíg a kivégzőosztag újratölt (1998, Isilune bat hilhormaren aurrean), A számülzött (2001, Hizkuntza erbesteratua), eta K. Dosszié (2006, K dosierra), besteak beste.