Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kennedy, Nigel

Britainiar biolin-jotzailea (1956). Yehudi Menuhin Musika Eskolan ikasi zuen pianoa jotzen, eta 1972tik aurrera, New Yorkeko Juilliard Interpretazio Eskolan. Lehen kontzertua 1977an eman zuen, Londresko Royal Festival Hallen, Philarmonia Orchestrarekin. Nazioartean hainbat itzuli egin ditu BBC Symphony eta Hallé Orchestrarekin. Bere interpretazioen artean Edward Elgarren Biolin eta orkestrarako kontzertua si minorrean, opus 61 eta Felix Mendelssohnen Kontzertua mi minorrean, opus 64 azpimarratu behar dira. Gaurko musika estiloak ere landu izan ditu, jazza adibidez, Stéphane Grappelli musikariarekin. 1990ean Montréaleko Urrezko Arrosa eman zioten telebistarako egin zuen Antonio Vivaldiren Lau urtaroen grabazioagatik. Britainiarren artean musika klasikoaren zaletasuna pizten lagundu du bere lanaren bidez eta Britainia Handiko musika klasikoaren suspertzaile garrantzitsuenetako bat da.