Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kentucky

Estatu Batuetako erdi-ekialdeko estatua, Ohio mendiaren eta Apalatxe mendien artean. Mugak: iparraldean Indiana eta Ohio, ipar-ekialdean Virginia mendebalekoa, hego-ekialdean Viriginia, hegoaldean Tennesse eta mendebalean Illinois. 104.623 km2 eta 3.713.000 biztanle (1991). Hiriburua: Frankfort. Hiri nagusiak; Lexington, Louisville.  v  Orografia eta klima. Mendebala menditsua da; erdialdea laua da, eta zertxobait jaisten da Ohio ibai aldera, eta hegoaldean sakonune eta leize ugari daude. Klima kontinentekoa da; euri gehiena udan egiten du.  v  Ekonomia. Nekazaritza da jarduera nagusia. Tabakoa da gai nagusia, eta tabakoaren ondoren artoa, garia, soia, aziendarentzako landareak eta tropikoko gaiak. Hegoaldean ikatzarri hobiak daude. Petrolio eta gas naturala ere bada. Energia iturri horiek industria zerbait bultzatu dute: kimika, metalurgia, mekanika, oihal industriak eta destilategiak.  v  Historia. Frantsesek eta ingelesek ustiatu zuten Kentucky XVIII. mendean. 1792an Batasuneko 15. estatua bihurtu zen. Banakuntzarako gerran Batasunaren alde agertu zen, nahiz eta esklabotasunean oinarrituriko ekonomia eta bizimodua izan. Gerraren ondoren ikatzaren ustiapenak estatuaren aberastasun ekonomikoa ekarri zuen. 1918tik aurrera hasi zen industrializazioa.